viernes, 20 de marzo de 2009

Esperimentuaren ondorioak

Esperimentuaren nondik norakoez hitz egiteko garaia da. Gure esperientzia honek zenbaiteraino jartzen ditu kolokan sare sozialen inguruko ideiak, hau da, beren indarra dagoeneko elkar ezagutzen duen jendearen arteko loturetan dagoela? Zer nolako zalantza etikoak sortzen dizkizute tresna berri hauek?  Posible ikusten duzu interneteko sare sozialetan bakarrik oinarritutako marketing kanpainarik, hau da, medio nagusiagoetan (hots, telebistan) agertu gabe? Horrelakorik ezagutzen duzu?

Esperimentu honekin atera ditudan ondorioez hitz egiten hasi aurretik, ariketaren nondik norakoak azaldu beharko ditudala iruditzen zait. Hasteko, aipatu behar dut 22 urteko bilbotar bezala aurkeztu dudala nire burua, Maddi Iraeta Elorza izena hartuta. Zaletasunen artean, lagunekin parranda egitea, musika eta kirola gustuko ditudala aipatu dut. Gainera, jendearengan arreta pizteko asmoz edo, lagun berrien bila nabilela erantsi dut eta mutil laguna aurkitzeko gogoa ere ez dut baztertu. Jendea bereganatzeko asmoarekin google-en aurkitu dudan neska polit baten argazkia jarri dut (oso benetakoa zen, ez naturala, jendeak horrelako orrialdeetan jartzeko erabiltzen duen horietakoa) eta honen azpian “ezagutu ahal nauzue?” idatzi dut.
Honetaz gain, esan beharra daukat jende arruntarengana zuzendu naizela, pertsona fisikoen arteko arremanetan ikusiko baita benetan, facebook bezalako tresnen aurrean erakusten dugun ezezagunenganako konfidantza.
Behin hau azalduta, goazen ondorioez hitz egitera. Ba egia esan nahiko arrakasta izan dudala uste dut, luzatutako ehun gonbidapenetatik 72 pertsonek onartu bainaute. Horien artean denetarik egon da, gehienek nor naizen galdetu didate, baina ondoren, lagun bezala onartzen nautela aitortzen didate. Beste batzuek aldiz, zuzenean nire betiko lagun bezala jokatu dute, nireganako inolako mesfidantzarik erakutsi gabe. Hala ere, esan beharra daukat inork ez didala gonbidapenik bidali. Gainera, esperimentua bukatzen ari zela, jendea mesfidati samar agertu zait eta ni inork ez ezagutzea oso arraroa zela esan didate.
Ondorioz, esan behar dut jendeak erabateko konfidantza duela horrelako sareekiko. Egia da guztiok dakigula izen faltsuekin aritzen diren pertsonak dabiltzala, baina ez dugu horiek ekiditzeko filtrorik jartzen. Niri behintzat asko arritu nau ezezagunak hain azkar agregatzearen utzikeria. Horrek argi erakusten du kalean egiten ausartzen ez diren gauzak egitera animatzen direla bertan (jende berria ezagutu...) Nik uste dut horrelako sareenganako errespetu handiagoa erakutsi beharko genukeela, ikusi dudanagatik, jendeak arratsaldean zer egingo duen eta non egongo den eta dena jartzen baitu bertan. Ez dut uste toki hauek direnik leku aproposenak horrelako gauzak jartzeko, eta gutxiago jende ezezagunarekin tratuan jarri ezkero. Nire aburuz, kontraesan nabarmen bat dago. Alde batetik, oso mesfidatiak bihurtzen ari gara kalean, gauza asko entzuten baitira eta nahiko beldurtiak bilakatzen hasi gara. Baina tara hau interneteko erlazio birtualekin konpentsatzen saiatzen gara, bertan seguru gaudela pentsatzen baitugu. Beraz, esan daiteke aurrez aurreko erlazioen pobretze baten aurrean gaudela eta tamalez, erlazio birtualak asko indartuko direla, geroz eta gehiago nik uste.
Gauzak horrela, ez dakit gaur egun sare sozial hauetan bakarrik eginiko kanpaina bat bideragarria izango litzatekeen. Egia esan, oraindik telebistak indar handia du eta horrelako gauza bat egitekotan, xede talde oso konkretu batetaz aritu beharko ginateke (gazteak). Hala ere, sare sozialen erabilera handitzen joan ezkero (oraingo joera jarraituta), agian posible litzateke emendik gutxira. Nik pertsonalki, ez dute interneten bakarrik egin diren kanpainarik ezagutu. Gainera, esan behar dut ez dudala sare sozialetan parte hartzen eta interneten dudan gauza bakarra e-maila dela. Eta ikusita ere, ez gogoratzea litzateke niregan ohikoena, interneteko publizitateari ez baitiot inoiz ere kasurik egin.
Nik behintzat nahiago dut sare sozial hauek alde batera utzi eta aurrez aurreko erlazioak aberasten saiatuko bagina, baina ez diturdi joera hori jarraituko duenik. Hala ere, publizitatearentzat erronka polita dela iruditzen zait, baina ez oso etikoa. Ikusiko dugu nola bukatzen duen honek guztiak.

No hay comentarios: